Etxeko ttikiekin solastu eta jolasteko baliabideak. Gure ondaretik lau haizetara.
Inoiz gertatuko zitzaizun, agian. Umeekin zotz egin nahi, jokuren batean aritu nahi eta euskaraz ezin asmatzea. Jakinda gainera, ttikiekin zehazki erabiltzen den hizkuntzak gertutasuna eta goxotasuna ere helburu dituela. Baina nola esan “al trote, al galope” edota “cinco lobitos” euskaraz?
Hizkuntzaren transmisioan etena egoten denean tresna horiek galdu egiten dira. Proiektu honen bitartez, urteetan Nafarroako ahozko ondarea biltzen aritu ondotik, hortik etxeko txikienekin erabiliak izan diren jolasak, kantuak, formulak, ipuinak… hautatu eta egungo gurasoen eskura jarri ditugu.
Patri Arburua, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikaria, egileetako bat da, Maite Lakarrekin (Euskokultur Fundazioa), Itziar Lurirekin eta Gaizka Arangurenekin (Labrit Multimedia) batera.

1.- Azalpen eleanitzak
Abestiak, ipuinak eta bertzelakoak berregin ditugu. Ez ditugu asmatu, aitatxi-amatxiei bildu eta grabatu baino ez. Eta, gainera, gaztelaniaz eta frantsesez azpitituluak jarri dizkiogu, euskaraz ez dakiten gurasoentzat lagungarri.
2.- Euskarri anitz
Materiala liburuak, CDak eta DVDak osatzen dute, eta hirurak batera datoz. Liburua da materialik osatuena, eta bertan, CDko eta DVDko eduki guztiak agertzeaz gainera, etxean euskara gehiago erabiltzeko aholkuak ematen dira, ipuinen atala ere gehitu zaio eta haur hizkeraren hiztegitxoa ere bai; liburua ere hiru hizkuntzatan dator. CDan kantuak eta ipuinak bilduta daude. Eta azkenik, DVDak bi atal ditu: Batean, familia baten eguneroko bizitzan kantu eta jolas horiek modu praktikoan nola erabili erakusten da, azpitituluak hiru hizkuntzatan jartzeko aukerarekin; bertzean, Porrotxek egindako bisita ageri da, eta bertan Nafarroako haurrek beren aitatxi-amatxien jolasak eta kantuak erakusten dizkiote.
3.- Egile anitz, publiko anitza
Proiektua erabat parte hartzailea izan da. Grabaziorako Iruñea, Atarrabia, Leitzaldea, Larraun, Elizondo, Ribaforada eta Bortzirietako haur taldeen laguntza izan dugu. Egile ugari ditu eta lagun ugariri dago aldi berean zuzenduta: gurasoak, euskaldun berriak, irakasle eta hezitzaileak, 0-6 urtetako umeak…
Irudian Bortzirietako Bertso Eskolako ikasleak, CDaren eta DVDaren grabaketan parte hartu zutenak:

4.- Erabilpen anitz
Proiektuak CD, DVD eta liburuaz gain, laugarren euskarri bat ere badu. Etengabe berritzen ari garen web gunea. Bertan ttikiekin euskaraz gozatzen jarraitzeko aukera zabaltzen da: www.xaldunkortin.com

Artikulua Ttipi-ttapan

Elkarrizketa Xorroxin Irratian

Artikulua Diario de Noticias egunkarian

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.