Xaldun Kortin: kantu eta jolasak haur ttikiekin

2014an argitaratu zen Xaldun Kortin. Jolastu gurekin! argitalpen multimedia (liburua, CDa eta DVDa), urtetako lanaren fruitu eta Nafarroako ahozko ondaretik jasotako kontuak eta kantuak bilduz. Egitasmo honi jarraipena emanez, material hori guzia webgune batean argitaratu du orain Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak.

Beraz, liburuan, CDan eta DVDan zegoen material guzia, idatzia nahiz ikus-entzunezkoa, webgunean dago ikusgai. Material aproposa da 6 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako, baita hezkuntza eta aisialdiko eragileentzako ere.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatea argitalpen multimendiaren argitaratzaile

Euskokultur Fundazioko patronatukide den Maite Lakar Iraizoz hainbat urtez ibili zen herriz herri eta etxez etxe, bertze aunitzekin batera, gure amatxi-aitatxien bizipenak biltzen. Horien artean zeuden garai batean etxeko txikienen belarriak gozatzen zituzten kantu, kontu, jolas eta ipuinak. Lekukotasun horiek oinarri hartuta argitaratu zuten Xaldun Kortin, Jolastu gurekin! argitalpen multimedia Lakarrek berak (Euskokultur), Patri Arburuak (Bortzirietako Euskara Mankomunitatea) eta Itziar Lurik nahiz Gaizka Arangurenek (Labrit Ondarea). Grabazio lanetan parte hartu zuten, halaber, Nafarroako hainbat eskolak, tartean Bortzirietako Bertso Eskolak.